Jokin Zaitegiri buruzko tesia

“Jokin Zaitegiren ekarpenak euskal curriculumean: eginak eta asmoak” tesia 2012ko otsailaren 15ean aurkeztu zen Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (UPV/EHU). Egun horretan aurkezpenean erabili ziren irudiak ipintzen dira hemen, oraingoan ahotsa eta guzti. Tesiaren laburpen bat gehitzen dugu post honetan.

Irudiak Aritz Vieitesek eginak dira (Pitx78@yahoo.es).

Aurkezpena Jon Diaz Egurbidek egin zuen.

Tesi-ikerketa honek osatu eta eguneratu nahi duena, Jokin Zaitegi Plazaolaren biografian oinarritzen da. Bere bizitzan zehar burututako lanak eta esperientziak, euskararen unibertsoari begira egindakoak direnez gero, hezkuntza plangintza baten proposamenean kokatzen dugu. Izan ere, hezkuntza kultuaren ildotik abiatuta, euskara jakintza mailara eraman nahi izan zuen bere obra guztian zehar. Jokin Zaitegiren pentsamendura sakontasunez hurbiltzea izan da gure nahia, hark eraiki zuen hezkuntza eredu klasikoaren berri izatea, eredu pedagogiko propio batez hornitu baitzuen bere obra osoa.

Hezkuntzaren alorretik abiatuta, Jokin Zaitegiren pedagogi ikuspegia osotasunez aztertu da, bere ametsetako bat Euskarazko Ikastetxe Nagusia antolatzea izan baitzen. Asmo horren atzetik egindako ibilbideak badu bere garrantzia, are gehiago oraindik kontuan hartzen bada, pedagogia jesuitikoan eskolatua izateaz gain, ogibidez ere unibertsitate-irakasle izan zela. Horregatik, Jokin Zaitegiren bizitza eta obra bere testuinguru soziopolitiko eta geografikoan kokatu dugu, azalduz nola erbestean, saiatzen den Euskal Herrira begira, euskara eta hezkuntza uztartzen unibertsitate-proiektu baten barruan.

Utzi iruzkina