I. -PROBLEM BASED LEARNING- PBL IZAERAKO ESPERIENTZIA DONOSTIAKO MAGISTERITZA ESKOLAN

Azken urte hauetan Unibertsitateak bizi duen egoeraren inguruan hausnartzen egon naiz. Krisia ere hizpide izan dut bitarte honetan. Non-nahi entzun daiteke garai gogorrak bizi ditugula, eta Unibertsitatean ere hala da. Boloniak unibertsitate barruko bizitza akademikoa erabat moldatu du eta horren ondorio da orain dela gutxi sortu den hezkuntza plan berria, graduak ekarri dituena. Gainera Unibertsitate bizitza eszelentziaren kutsuaz eta kiratsaz edertu du -propaganda itzela unibertsitatera datorren ikasle berrientzat, eta oraindik nire gustokoa ez dena-. Nire gaurko hausnarketa hau Santa Boloniari esker sortu dela adierazi behar dizuet, batik bat, aldaketa prozesu honen aurrean niregan oso ikuspegi ezkorra garatu delako, eta ia egunero fakultateko ateak gurutzatzen ditudanean hezkuntza prozesuan eman diren eta beharko ziren urratsak egoki edo ez, kolokan ipintzen jarraitzen ditudalako.

Hezkuntza plan berrien inguruan oso kritiko jarraitzen dudala esan dizuet. Unibertsitateak gaur egungo ikasleen begietara eta nola ez etorkizunera begira zein toki hartuko duen ez dut oraindik ikusten, sakonean ulertzeko zailtasunak ditudala esan nahi dizuet. Prozesu honen parte izanik, kritika ere nik hartzen dudan esparrura ekarri dut, eta nire inguruan ditudan lankideen esparrura, batik bat, aldaketak bultzatzeko premiak eta beharrak ikusten ditudalako. Bereziki aktiboki aldaketa prozesuan eragina lortu dezakeen agenteak inplikatzea behar beharrezkoa dela iruditzen zait. Aldaketa honen gainean egin behar den lehen hausnarketa etorkizunera begira ipini eta lan metodologi berriak aplikatuz gero, non egon nahi dugun asmatzea litzateke. Asko dira eman behar diren urratsak, une garrantzitsu honetan metodologi berriei ere ataka zabaldu beharrean gaudela ulertzen dut, hezkuntza praktika moldatzeaz gain, irakaslegoaren eta ikasleriaren inplikazioa lortzea ere ezinbesteko erronka bihurtzen bait da.

Urte asko dira Hezkuntzaren Teoria eta Historia atalean lanean jardun naizela. Urte gehienetan prozesu bera jarraitu dut, ildo akademizistari lotu natzaio gehienetan. Nire saioetan aldaketa bat bultzatzeko garaia iritsi dela iruditzen zait eta PBL-ABP izaerako metodologiak asko erakartzen nauela adierazi nahi dut. Plan berriak eta PBL metodologia erkatzeko erabakiaren aurrean, prozesu honen amaieran non kokatuko gaituen jakitea egokia litzateke, etorkizunean zer izan nahi dugun eta nolako eskola izango garen identifikatu ahal izateko. Behar beharrezkoa da, beraz, aktiboki aldaketa prozesuan eragina lortu dezakeen agente guztiak inplikatzea. PBL-ABP izaerako metodologia zabaltzeko behar beharrezkoa izango da irakasleen artean dagoen aldaketarako erresistentzia gainditzea eta prestakuntza indartzeko erronka ere gure gain hartzea.

Amaitzeko, Problem Based Learning izaerako proiektuak ikasgelara hurbildu eta abiatzeko ahalegina egitea otu zait. Ikasleak profesional gisara hartu eta esperientziaz bete nahi ditut hemendik aurrera egingo ditugun bideak. Nire eskuetan, ahal den neurrian, bederen, irakasle izan nahi dutenen eskola saioak eraginkorrak eta motibagarriak bihurtzeko asmoari heldu nahi diodalako.

Utzi iruzkina